XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Orain arte katu asko izan diat inguruan, noiz gizenduko nintzen zain.

Hemendik aurrera, berriz, neure buruaren jabe izan nahi niake, nahiz badakidan zein dudan arriskua: legenarduntzat seinalatuko nauzue, eta zuek astindutako ezkila horrek jendea nigandik apartatuko dik.

Sutsu mintzatu nintzaion, baina nire hitzek, arrenkura bainoago, barrua hustu beharraren ondoeza zuten sorburu.

Pillarditek, aldiz, ezinegona arindu nahia erakutsi zuen, ahotsa goratu eta gurinetan bezala koipeztuz:

- Tira, tira, Errondal: hire buruari arreta gehiegi eskaintzen dioan bakoitzean, bere gorpua nola lurperatzen duten ikusi nahi duenarena oroitarazten didak, bere heriotzaren berri zabalduta etxe aurrean nor etorriko dagoenarena bainoago -Ni neure baitara bildua ikusirik, hizketagaia mudatu zuen:-Baina, utikan!

Ez diagu katuaren eta saguaren gisa zertan ibili.

Bazegok kezkak uxatzeko modu egokiagorik, oroituko haiz.

Ez nion bat-batean erantzun.

Gure arteko liskarrak jokabide arriskutsu bati buruzko iritzi kontrajarriek sortuak gehienetan Mariderrengana bilduz arintzen genituen, eta hartaz ari zitzaidan kezkak uxatzeko modu egokiagoarena aipatzerakoan.

Antosina ahora eraman, trago luzea eman ardoari, eta gero mahukaz lehortu nuen ahoa.

Pausa luze haren ondoren mintzatu nintzaion:

- Noski oroitzen naizela.

Ez zuan batere modu txarra.

Gaur ere jarriko nindukek hartara, ahalenetan!

Edozein gauza duk on, norberaren hileten lekuko izan baino lehenago, Pillardit...